XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txinako Iparraldekoa zen neska hura ere, Fu-Chuen hirikoa, bere familiarekin etorria.

Denbora asko pasatuko zuen, naski, harekin egon ezinik, hari fortunen oinordekoa ematera iritsi gabe.

Han egongo zen neskato zuriaren oroitzapena, etzanda, gorputz hura, han, ohean trabeska jarria.

Bere desioaren jabe izango zen denbora askoan, maiteminaren, samurtasun neurrigabearen, haragi-sakontasun ilun eta izugarriaren erreferentzia pertsonala.

Gero, iritsi zen egun bat, hori egingarri gertatu bide zenekoa.

Egun hartan halakoa izan behar zuen neskato zuriarenganako desioak, hain eramanezina, non berriro aurkitu ahal izango baitzuen haren irudi erabatekoa, halako sukar sakon eta indartsu batek hartuta bezala, eta neskatilaren, neskato zuriaren desioz beste emakumean sartu.

Gezurraren bidez aurkituko zen beste emakume haren barruan eta gezurraren bidez sortuko zuen, orobat, familiek, Zeruak, Iparraldeko asabek berarengandik espero zutena, hau da, deituraren oinordekoa.

Hark ere izango zuen beharbada neskatxa zuriaren berri.

Sadec-eko bertako neskameak zituen, gertatutakoa jakin bazekitenak, eta haiexek kontatuko zioten.

Jabetuta egongo zen bestearen penaz.

Adin beretsukoak izango ziren, hamasei urtekoak.

Ikusi ote zuen senarra negarrez gau hartan?

Eta negarrez ikustean, kontsolatu ote zuen?

Hamasei urteko neskato batek, 30eko hamarkadako andregai txinatar batek, kontsolatu al zezakeen bada, eragozpen izan gabe, pena adultero hartatik (...)